EBALUAZIO
NEUROPSIKOLOGIKOA

Ebaluazio neuropsikologikoak garuna eta jokabidearen arteko erlazioa aztertzen du. Horrela, kausa neurobiologikoa duten ikaskuntza-, arreta-, oroimen- edo emozio-arazoak identifikatzen laguntzen du, haurraren indarguneak eta ahulguneak zehaztuz.

ZEIN DA EBALUAZIOAREN PROZESUA?

Ebaluaketa prozesuak 3 fase ditu eta, normalean, 4-5 sesiotan banatzen da:

1. Elkarrizketa klinikoa

Lehenengo sesioan, elkarrizketa bat egiten dut gurasoekin haurrari buruzko informazioa jasotzeko: kontsulta arrazoia, haurraren garapena, gaur egungo egoera eta abar. Gainera, galdetegi batzuk pasatuko zaizkie bai gurasoei bai irakasleei, haurraren aspektu emozionalak eta jokabidezkoak testuinguru ezberdinetan jasotzeko. 

2. Ebaluaketa neuropsikologikoa

Fase hau normalean bi edo hiru sesiotan egiten da (haurraren ezaugarrien araberakoa). Probak adimena eta funtzio kognitiboak ebaluatzeko erabiltzen dira, hala nola arreta, oroimena, planifikazio eta organizazio gaitasuna, inpultsibitatea eta abar. Probak haurren adinera egokituta daude, eta modu ludiko eta motibagarrian egiten dira; askotan haurrak jolas gisa hartzen dituzte.

3. Txostenaren itzulera

Behin elkarrizketa, galdetegiak, behaketa zuzena eta proba psikometrikoen bidez jasotako informazio guztia dudanean, hau interpretatu eta txosten bat egiten dut. Azken sesio batean, berriro elkartuko gara proben emaitzak itzultzeko, pautak eta gomendioak emateko eta, behar izanez gero, interbentzio plan bat proposatzeko.